Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Aurrekoan esan ninan askatasunari buruz idatzi nahi eta gai hori zutabera eraman ezinean nenbilela . Eta gaur , hitz haiek akorduan, berriz idazten hasi orduko zutabe hitza idatzi eta etorri zaidan burura hainbat kontzeptu eta ideia hastapen eta zutabetzat hartzea bera dela, hain zuzen ere, sarri , tenkatzen gaituena.

Hartzan gogoan askatasun kontzeptua. Egun, mendebaldeko pentsamentu politikoaren oinarritzat hartzen dun, eta antza denez, Greziako demokrazian bezala gureetan ere, demokraziaren egitekoa dun zutabe horiei ezeren aurretik eustea. Ai… baina Aristotelesek edo Platonek esklabuak ziren demokrazia batean egiten zinaten hausnarketa hori…. eta oso bestelakoa dun Epiktetok, esklabu zela eta esklabu zelako, egindako hausnarketatik.

Eta hala batzuetan, zutabetzat hartzen diren kontzeptuek, hitz bati atxiki zaizkionean, batzuetan ematen dinate oinarri eta oinarrimu eta beste batzuetan ematen dinate urrun-mendietan eguzkiari begira sortutako isla ; ematen dinate, urrun-mendietan ezarri eta bere gisara mugitzen diren haize-errota.

Aspaldian Euskal Herriaren kontura askatasuna eta demokrazia hitzak burura etortzen zaizkidanean gogoratzen dinat, halaber, askatasuna oso hitz berria dela euskararen baitan, XIX. mende amaieran erabiltzen hasi eta foruen galerak sortutako ezintasun-sentimentu berritu batek behar zuena, ziurrenera.

Eta zutabea idaztean hotzitu edo egin naun eta horregatik deliberatu dinat, kontzeptuak ez direla beti jokamoldeei eusten dieten zutabeak, ez bada, gizakiek alde onera eta aldera erabiltzen dituzten soinekoak.

Eta hotzeria honekin iruditzen zaidan gai honetan, eguzki egunetarako utzia izango dela Lauaxetaren Dana emon biar yako matte dan askatasunari hura eta, berriz, soinerako hartua , Axularrek gure Gero honetarako utzi bide zuen aldarria bekhatuaren erroa eta zimendua libertatea da.

Adiskide, ba ote din askatasunak aukerarik Euskal Herria, ba ote din Euskal Herriak aukerarik askatasunerako ?

Tere Irastortza