Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Nekea zunan atzokoa. Baditun neke batzuk, ederrak, aseak, beteak, zuhaitzaren adarrak fruituz gainezka abailtzen direnekoak bezalakoak , konparazio batera. Eta baditun neke batzuk astunak, -- oraindik, gainera… -- eraman behar direnak , amaiera erakusten ez duten egiteko guztien kargak konkortuak, zamapean lur jota doan astoarenak bezalakoak.

Biak ditun neke, eta ez ditun neke bera. Batak egote bat eskatzen din, hustualdi bat betetzeko, barruak sentitzeko; eta atseginezkoa din deskantsua. Besteak eskatzen din karga arintzea eta ahal dela kargaz gabetzea … eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzea, hala ere.

Nere buruak ere behar zinan arindu bat , eta, beste batzuetan bezala , gaiez aldatu ezkero , pentsatu ninan, iñoratu ahal izango nuela nekea. Aldizkari bat hartu eta gai jakin bati buruzko iritzi –artikulu andana bat irakurri ninan. Ez dun erraza gaia, pentsatu ninan , baina tira, irakurri, aise irakurri ninan osorik, goitik behera… eta dena arin irakurri ahal izan ninan; baina atzera buelta gabeko idazketa argi-arina, gehienetan, inora gabekoa iruditu zitzaidanan. Askotan gertatzen zaidan : arinkeria ugari , irria erraz ateratzeko moduko hitz-jokuak, eta lanturu jotze agortzaile bat, zeharo; horrekin zertaz trufatu bat beti -- dena delakoagatik, azkenean, --politikoki zuzena. Barrensorok ziona “ Lastoa badegu ugari, galburua orratio, arintxoegi, legorteak txigortu baiditu zearo “.

Eta nire nekeak zoriontasunaren arintasun eskatzen zinan, eta jarri ninan Hari biru, Maddi Oihenarten CDa, eta aurkitu hindunan zorion beilari. “ Amets ohantze zen itsasoa”, eta kantari baten ahotsak, ilunbarreko lo- kanta bihurtzen zitinan hitzak , eta ikusten nitinan berriro hosto berdeak higitzen, eta esaten zidanan ez dela itsasoratzen bizitza zorrotada baten pilpiraz, musuz musu itxaron behar zaiola.

Ta , hala, bart, arindu bat hartu eta deskantsatu ahal izan dinat. Zoriona dun arina,pentsatu dinat,egunsentian; zoriona dun arintzailea ; eta arinkeria ez dun zoriona.

Tere Irastortza