Amets txar bat

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Zerbaiti egotzi behar amets txarrak eta Webguneei buruzko saio batzuetan parte hartu izanari egotzi zionat. Ematen zinan, ematen, aukera batek beste bat irekiz, denerako tokiak irekitzen zirela , baina berdenboran denari zoko usain bat hartuta aterea nindunan. Dena hain hunan baikor non ispiluz betetetako mundu horretan denak dena islatzen duen. Baina, aldi berean, oso zaila hunan , denean, ispiluaren atze-aldean zilarrik behar denik igartzea.

45 inguruko IKTeroak, geure gisara ikasiak, geuk amestutako mundua , geure ametsetatik askatua ikusi ote dudan pentsatzen jarri naun esnatu orduko. Esnatu ondoren guztia arrazoitu behar honetan, otu zaidan, liburuen hazaldikoak garela , eta hala ere, euskal idazle garelako, ahozkotasunari oso-oso emanak egon garela, bada ez bada.

Baina amets, aspaldi batean telebistan emandako erreportai batekin egin dinat amets. Etxean terrarium bat geneukala eta bertan sugetzarren bat. Eta nola gauean esnatzean sentitu dudan sugetzar hori, hainbeste urtetan gure etxean nirekin bizi izandakoa, luzetara jarri dela eta ez dagoela kurubilduta. Eta telebistako ahotsak esaten zidan “akaba ezazu sugea , neurria hartzen ari zaizu , irensteko “.Kolpean esnatu naun.

Ez hunan hau Schelling-en sugea. Ez zegonan xarmatzerik. Etorri zaidan burura denok eragin dugun amaraun honetan, dena gorde daitekeen amaraun honetan ere, ez ote dagoen bakarrik geure arrastoa uzteko premia, eta eragin ote dezakegun besteen berri jakitekoa.

Amets txar bat zelakoan,zakur amets bat zelakoan jaiki naun. Eta idatzi aurretik leihotik begira jarri naun eta iruditu zaidan Mari pasatu dela Murumenditik Txindokira , erdi-emakume, erdi-pizti : aurrekoek amestutako Mari, hegan ere egiten badakiena eta neurririk hartzen ez diguna.

Tere Irastortza