Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
argia    
Zorion premia ezagutu zaio gizakiari, gizaki denetik. Mateo eta Lukasen ebanjelioetan, zorion hori momentuko egoera eta etorkizuna bitarte korritu beharreko bidearen amaieran izango da. Erromatarren artean txori batek ei zekarren zoria, euskal fonetika historikoa ikastean deskubritu genuenez. Zoria, ona zein txarra zerutik etorria bide izan da aspaldian, baina zerura horrenbeste satelite bidali aurretik, edota, behintzat Amerikako Independentzia aldarrikapenaz geroztik, eskubide bihurtua da.

Eta eskubide bihurturik badirudi esku-eskura izateko moduko zerbait dela. Hala ere, gure aurrekoen artean zorionak konformidadearekin harremanen bat baldin bazuen, egun, nire oporraldian irakurri dudan «Zorionaren edukia» liburuan esaten denez, zoriontasuna konformakaiztasun proiektua dugu. Eskainitakotik ez zaio ezer aski gizakiari. Agian ez naiz ni gure gizartean eskatzen duen bezain posmoderno izango, baina zorionaren definizio honek ez nau batere komentzitzen.

Egia, gerta daiteke, epeka dosifikatu eta proiektu batean kokatzen dugun heinean Zoriontasuna, izan, guraria izan daitekeela, eta eskura dugunarekin ez konformatzearekin ere zoriontasuneruntz abia gaitezkeela. Txarra ordea, zera da, eskuratu ezin dugun horretara bakarrik bideratzea gure zorion bidea, besteek emandakotik bakarrik bildu daitekeela sinistea.


NIRE

irudipena da nik arraso inkonformistatzat ditudanak (nire amak deskonforme esaten die) ez dutela benetan ezeren gurairik: bere buruaren erruki hutsak proiektatzen edo jaurtikitzen dituzte eskuratu ezin dutenera, hain zuzen ere, bere auto-errukian babestuak sentitzeko; bere buruak justifikaturik izateko. Eta neurri honetan, definizioaren azpian dagoenak kezkatzen nau, alegia, zorionerako lehengaiak


emanak

izan daitezkeela, ez direla lorpide pentsatzeak. Eta sarri asko antzeman dudanez, agian


inkonformista

hauek zorigabe izatera eramaten dituena hauxe da; bizimoduan denek zerbait zor diela uste izateak, beraiek inoiz zordun sentitu ez arren; eta zorionaren eskubidearen izenean, munduari bere zorigabearen errua bota dezaioketela sinisteak.

Senekak, berriz, ematea zoriontasunaren bidean kokatzen zuen, eta, ziurrenera, zoriontsu edota gutxienez baikorrago izan behar da aurrena zerbait ematen duenak; agian, funtsean, pareko erantzuna eskatzen duena izanik ere, emaleak ere zoriona sentitzen du; igerriz zoriona ez dela dohai abstraktu bat, lorpena baizik. Zoriona lortu eta galdu egiten dela, nahiz eta lortzen dugunean berez iritisa dela iruditu, eta galtzen denean, ordea, bakarren batek galarazia.

Bigarrenik, zorionaren kontzeptura gehien hurbiltzen den parafrasiatzat, Fernando Savaterrek


nahi duguna

hautatzea iruditzen zait harrigarri, eta are harrigarriago, liburuaren amaieran zorion posible guztiak iraganean bezala kokatzen dituenez.
Egia da, mende askotan frogatu dela


beharra, obligazio

hutsa ez dela zorion-biderako lagungarri aski... baina gutxienez


nahi

izate hori hartzekotan Zorionaren iturri, gure aitak aspaldian erakutsitakoan txertatu beharko da "Ez ezazu nahi besteentzat, zuretzat nahi ez duzuna"... eta horren azalpenak gutxienez Konfuzioren liburu klasikoetan, iada, emanak ziren.

Nire aburuan, lehenaldian, orainaldian edo etorkizunean kokatu, nahian zedarritu edo beharrean zedarritu, zori ona edo zori txarra ez da txori batek ekartzen duen egoera. Zori ona eta zori txarra, gehienetan, erabaki batzuen ondorioz dator eta, kuanto, giza-harremanetan, derrigor, bildua. Hala ere, aitor dezadan, nahiz eta agian esan gabe doan, hau guzti hau idazleak ez nau zoriontsuago egin... (nahiz eta zorigabeari konformidade haundiagoz erantzuteko baliagarria zaidan).
 
Tere Irastortza