Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
argia    
Jainkoaren heriotza aldarrikatu zuen XIX. mendeak. Eta horrekin batera, beste gezur guztiak sortarazten gezurrama (Jaungoikoa, gizonezkoa izaki, gezurraita esan beharko bagenu ere).
 

Jainkoaren heriotza aldarrikatu zuen XIX. mendeak. Eta horrekin batera, beste gezur guztiak sortarazten gezurrama (Jaungoikoa, gizonezkoa izaki, gezurraita esan beharko bagenu ere). Oraindik, bistan da, fededun eta sinistun asko dago, baina, inongo ortodoxiak ez du lortu fedearen artikulatu osoa sinestunenak ere sinisterik. Lehen misterioek Jaun Goikoa arragoratzen bazuten, egun, abandonatu eta sinisgarri egingo den sinisteak aldarrikatzen dira.

XXI. mendera iritsi garenok, Jainkoa hil ondoren gizakiak sendatu gabe jarraitzen duela frogatu dugunetakoak gara. XX. mendean errua eta pekatua amaitu ziren. Graziak Jainkoaren heriotzak kulpabilitatearen amaiera ere ekarri zuen! Ez diot, beraz, kulpabilitatearen amaierari botako gertatzen den guztiaren errua. Gainera, Paul Ricoeur edo Georges Btaille, luzez mintzatu ziren, bakoitza bere modura, erruaz, eta ez dut nire burua haien alde edo kontra ezer esateko moduan ikusten.

Garai batean, errua onartezin bihurtzen zenerako deabruak zeuden. Egun, etsai eta arerioak. Garai batean hereje eta protestanteak eta geroago ateoak izan ziren etsaiak. Orain, abertzaleok baditugu gure etsai eta arerio printzipal batzuk, eta nola ez, nazionalista espainiar eta frantziarrek gu etsai amorratu eta areriotzat gauzkate.

Esan daiteke, hala ere, guztiak eta guztiz errudun ginen gizakion mundualditik, guztion eta erabateko errugabetasuna aldarrikatzen den orora iritsi garela. Horretarako, kuanto, trajediaren zentzu katarkikoa neutralizatu egin du dramatismoak. Trajediako hitz neurtuak erabili ordez, hitzen inflakziora iritsiak gara. Baina erruduntasuna eta errugabetasuna, biak ala biak, ezintasun bera erakusten dute. Guztiok eta guztiz errudun izate hura hain zen zama jasanezina, non inork ezin zuen ezer egin zerbait aldatzeko. Oraingoan, guztion errugabetasuna hain da erabatekoa non, geure kabuz ezin omen dugun ezer egin zerbait aldatzeko. Eta orduan, orain bezala, ezer aldatuko bazen, eskatzea zen
-antza denez- bidea. Orduan Jainkoari, dena debekatzen baitzuen, dena ahalbidera zezakeelako. Orain Estatuari -barkatu, Administrazioari- dena ahalbideratzen bide duenez, behar (ez) dena debeka dezakeelako. Orduan, gaizki jokatzen zuenari, pekatari esaten zitzaion, edo gaizto; orain, gehientsuenetan, gaixo errugabea da.

Hala ere, harako garai haietan bezala, batzu-batzuk -askok esango nuke, gehiengoa den ez badakit ere- gauetan, egunez egindakoa biltzen dute bere baitara. Beren ardurapean sentitzen dute beren bizia eta inguratzen dituztenena. Garai batean, kontzientzia-azterketa deitzen zitzaion egiteko horri. Gaur egun, ez dakit ez ote zaion erreflesio edo hausnarketa esaten. Orduan Jainkoaren altzoraino egin beharreko bidaiaren urratsa zen. Gaur, uste dut, besteetara hurbiltzeko bidea dela.

Baina askoren kolkotik atera eta berriro gizartera etorriz, eta gauzak erabat aldatu ez direnez, bildur naiz, Jainkoa hil ondoren, ez ote garen, gure baitan, bestea hiltzera iritsi, inpunidade eta errugabetasun osoz-oraingoan-

Tere Irastortza