Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
argia    
pdf    

Bart esnatu eta Marina Tsvietaievak kontatzen duen pasadizoa irakurtzen aritu naun, berriro. Parisen eta 1934an gertatua, posta-bulego batean, nahiz eta hementxe bertan, Beasainen edo Tuteran edo Miarritzen gerta zitekeen –edo gertatuko dun– gaur bertan: maketo bat, txinatarra edo magrebiarra, errumaniarra agian… beste atzerritar baten hizkuntz-gaitasunaz baliatu beharrean, esate batera, familiari dirua bidaltzeko.

Eta Marina Tsvietaievak, 1941ean berriro Errusiara itzuli ondoren bere buruaz beste egin behar izan zuenak, bestelako lurralde bat bilatuko bazuen, bere jaioterrian ere atzerritar izatera itzuli baitzen; eta Marina Tsvietaievak alde guztietan atzerritar izan zenak galdetzen zinan: “Zergatik maite ditut honenbeste atzerritar guztiak, bereizketa gabe?”.

Eta aurreraxeago erantzuten din: “Gertatzen dena zera da, gutako bakoitza bakarren baten beldur dela, edozein mozkorrek, bost urteko haur batek, edozein momentutan métèque dei gaitzan eta guk –ezer– ez erantzun ahal izatearen beldur”.
Aurreko batean, hezkuntzari eta atzerritarrei buruzko telebista saio baten aurrean izanez, eta askotan irakaskuntzaz hizketan kalaka dihardugunean, sentitzen dinat Marina Ttsvietaievaren erantzuna ene larrura azaleratzen: “Ez ote din euskaldunen mendeetako miseriak populatu Amerika?”, pentsatzen dinat. Errotu al dun egunerokotasunean, teorian hain ausarki eta hain goitik aldarrikatzen den mestizaiari eta aniztasunari buruz, dioguna?
Eta gure herrian ere atzerritar sentitzen naun. “Momentu batzuetan aberria atzerria bera baino askoz ere arriskutsuagoa da” esaten din Marina Tsvietaievak. Batzuetan euskaldun izaten uzten ez digutenak berak ziruditen kupidabakoen; batzuetan, baztertuenen eta globalizazioaren aldekoenei zerien mesprezurik handiena. Hainbatetan, balizko euskaltzaletasuna defendatzeko eta besarkatzeko biltzen ditugun besoek ziruditen itogarri eta itotzaile. Neu ere beldurtu egiten naun.
Ez ote dinagu ikasi euskaldunok, gure herrian geure hizkuntzan atzerritar sentitzen garenok, ez direla beste gu bezalako atzerritar sentiarazitakoak gure kontra ari direnak; ahaztu egin ote zaigun Marx-zale zaharrei azpiegitura eta gainegituraren eragina gizabanakoen gain; ahaztu egin ote zaigun lehen mundukooi gure aitona-amonak txatarra biltzen ibili direla Euskal Herriko ibaietan; eta hori guzti horretaz ahaztuta izan ote gaitezken irakasle, ausartuko ote gaitun geletan, gainera, geografia eta historia erakustera?
Etorri naun lanera eta ezin etsi izan dinat hiri, irakasle lagun hori, gutun hau bidali gabe: “Maite ditinat maite gure bazterrak lainoak izkutatzen dituenean...”.

Tere Irastortza