Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Zortzi begirada poetiko

Mikel Lizarralde BERRIA 2020ko urtarrilak 2

zortzi begirada poetiko1Aintzane Galardi Portu, Tere Irastortza eta Itxaro Borda, antologiaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU Balea Zuriak 'Lurra eta dardara' antologia argitaratu du. Zortzi emakume poetaren lan argitaratuak eta kaleratu gabeak jaso ditu

Hamaika antologia molde dauden bezala, hamaika modutara hurbil daiteke antologia bat prestatzera doana esku artean duen material aukerara. Kanon bat planteatzeko hautua egin lezake, edo hamaika aukeraren artean proposamen bat egin. Hain zuzen ere, azken aukera horren alde egin du Balea Zuria argitaletxeak Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko antologia poetikoa prestatzeko orduan. Honela dio Izaskun Gracia Quintanak liburuaren hitzaurrean: «Bilduma honen zereginik garrantzitsuena ez da kanon bat ezartzea, baizik eta proposamen sorta bat eskaintzea, irakurleari bildumako idazleek duten hizketaldia ezagutzeko gonbidapena egitea eta, agian, beste ahots batzuk entzun edo irakur ditzala lortzea». Zortzi emakumezko ahots. Garai eta egoera aski ezberdinetan idazten hasi eta ibilbide askotarikoak egin dituztenak. Guztiak poetak: Amaia Lasa (Getaria, Gipuzkoa, 1948), Itxaro Borda (Baiona, 1959), Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961), Amaia Iturbide (Bilbo, 1961), Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962), Aintzane Galardi Portu (Oiartzun, Gipuzkoa, 1969), Castillo Suarez (Altsasu, Nafarroa, 1976) eta Leire Bilbao (Ondarroa, Bizkaia, 1978).

«Guretzat antologia hau berezia da», aitortu du Felipe Juaristi Balea Zuria argitaletxeko kideak: «Zortzi poeta, zortzi emakume baldin badira ere, bakoitzak ahots propioa du, eta ahots horietako bakoitza oso ezberdina da». Idazleak beraiek arduratu dira beren ibilbide poetikoan arakatzeaz, eta haiek aukeratu dituzte antologian ageri diren olerkiak. Horien osagarri, baina, eta gaur egun egiten ari diren lanaren erakusgarri, Balea Zuriakoek bina poema argitaratu gabe eskatu dizkiote idazle bakoitzari.

«Hilotzen karrasiak josirik ahoan/ Nola aurkituko dun hire sokorria/ Maiteko haut Milia ez hadila joan/ Hator edan dezagun ardao gorria». Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Susa, 1985) bere bigarren poema bilduman argitaratu zuen Bordak Milia Lastur Revisited olerkia, eta, ia 35 urte igarota, Lurra eta dardara-n jaso du berriro ere. «Berriz ikusten dut poema hori, batzuetan aldaketak ekartzen dizkiot, eta iruditzen zait poema bakar hori idazteagatik naizela poeta». Hori baino lehenagokoak ere eraman ditu antologiara, Gizon jarriak, 1984an Maiatzek argitaratutako Bizitza nola badoan bilduman atera zena, kasurako —«orduko euskal establishment-ari egindako kritika»—, eta baita bidaia poema batzuk eta blues bat ere (Hotel Itsasmin).

Borda bezala, Irastortza ere 1980ko hamarkadan hasi zen argitaratzen —1980koa du Gabeziak (Kriselu, 1980) lehen poesia liburua—, baina, hark ez bezala, poesiara bideratu du literaturan eginiko ia lan guztia: Derrotaren fabulak (Pamiela, 1986), Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua (Pamiela, 1994), Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak (Pamiela, 2000), Eta orain badakit (Pamiela, 2011), Mundua betetzen zenuten (Pamiela, 2015)... Antologian zer sartu erabakitzeak eman dio lana. «Ez nekien nondik hasi, eta erabaki nuen Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak-ekin hastea. Azken batean, liburu hartan sormena eta ama izatea prozesu beraren baitan ikusi nituen, eta harrezkero, gorputzari bestelako arreta bat jarri diot. Ildo horretako poemak ekarri ditut».

Atzera begiratzen jarrita, urteekin ikasi egin duela aitortu du Irastortzak: «Nire lehen liburua Gabeziak zen, eta lan hartatik, gutxienez, izenburua salbatuko nuke. Herren jaiotzen garelako, eta gure bizitzan osagarritasunak behar ditugulako». Berak, bere aldetik, «bizi ahala» idatzi du; edo «idatzi ahala» bizi izan du. «Idaztea izan da mundua ulertzeko bide bat, baina, batez ere, ez dakigunaz arduratzeko bide bat edo guretzat desegokiak diren erantzunak bilatzekoa».

Zortzi idazleren lanak bildu dituzte liburuan, baina antologiak berak erakusten du euskal literatura «egoera onean» dagoela, Irastortzaren arabera: «Gu baino gazteagoak laurogei egongo dira». Eta ekarri du gogora beren belaunaldiaren aurretik ere izan zirela poetak, «izenik gabe etorri zaizkigunak» askotan. «Lehenengo, Elizaren eraginez. Liburua beti izan da artefaktu handi bat, nihil obstat-a behar izan duena, eta, beraz, emakumeak ez du izan nihil obstat-ik. Eta, gero, XIX. mendetik aurrera, Aita Donostiak, Azkuek... ehunka informatzaile izan zituzten, eta esango nuke horien % 33 emakumezkoak zirela. Askotan da halakoren ama, halakoren arreba...». Eta ekarri ditu gogora beste emakume idazle batzuk ere, askotan beren lanak izen-abizenekin sinatu ez zituztenak ere: «Elbira Zipitria, Julene Azpeitia, Maddi Ariztia...»

Emakumeak protagonista

«Ez gaude ohituta emakumeak protagonista izatera. Ezta literaturan ere». Galardi Portuk adierazi duenez, literatur antologiak argitaratzen direnean ere, gizonezkoak gailentzen dira, eta ekarri du gogora 1990ean Julia Otxoak emakumezko idazleen antologia bat prestatu zuela, eta han zirela, gaztelaniaz idazten duten beste hainbaten lanekin batera, Borda, Irastortza eta Arantxa Urretabizkaiarenak ere: «Nik antologia hura beti izan dut gogoan, baina orduz geroztik euri pixka bat egin du». Horregatik, «eskertzekoa» iruditzen zaio Balea Zuria argitaletxeak egindako lana. «Nik opari moduan hartu dut. Beste zazpi poetak miresten ditut, eta niretzat erreferentzia izan dira».

Lau poema liburu ditu argitaratuak Galardik: Itoti urdinaren azpian (Euskaltzaindia / BBK, 2005), Zirrikituak (Euskaltzaindia / BBK, 2007), Mendafin usaineko iluntzeak (Erein, 2015) eta Hegodun poemak (Denonartean, 2018). «Lehenengotik ez, baina gainerako guztietatik hartu ditut poemak bildumarako».