search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak

ASURMENDI Mikel "Tere"

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
tere hendaia 1    
Tere Irastortza Hendaiako Mediatekan. Argazkiak: Jean-Pierre Artola    
Tere

III. Neguko Poesia kari heldu zen Hendaiara joan den larunbatean. Bere lehen poesia liburua kaleratu zuenean (Gabeziak, 1980) Teresita zen.

Egun Tere da. Tere Irastortza poeta (Zaldibia, 1961). Alta, bada, etxekoentzat Teresita da oraindik ere, baita jaioterrian halaxe deitu ere. Poesia liburu sorta esanguratsua irun du harrezkero.

Akelarre elkarteko Literaturaren menturan taldekoen eskutik heldu da zaldibiarra, azken liburua galtzarbean: Eta orain badakit. Eta guk menturazaleok liburuaren zioaz gure jakin gogoa erakutsi diogu poetari. Eta berak, besteak beste, “gabeziak” zituen gazte hark, orain “badakiela” erakutsi digu.

Haatik, ez digu soilik erakutsi idazten dakiela, jende aurrean jarduten ere ederki dakiela erakutsi digu. Hona poetak eskaini zigun –ekimen– jantziaren haritxo zenbait:

Terek kontatutakoaren harian jakin dakigunez, Gabeziak liburuan “titi buruak” hitzak edo antzekoak idatzi zituen bere poesiaren lerroen artean. Eta nork eta Federiko Krutwig handiak egin zuen liburuaren iruzkina. “Neskatxa baten biluzte moduko izan bide zen liburua”. Edo halako zerbait, buruz ari naiz-eta.

“Baina, baina… zer idatzi ote den bada, neska?” entzun behar izan zuen poeta gazteak etxean. Haiek komeriak, haiek Gipuzkoako Goierriko Aralarren magalera zabaldu ziren hitzak eta zirtoak.

Gurasoekikoaz gainera, bere osaba batetikoak ekarri zizkigun hizpidera Terek, taldeko kideekin hitz aspertuan lehenik: usaiak eta usainak. Etxeko hotsak eta hotzak. Espazioak eta denborak. Aldarteaz, hitzen soinuaz, hitzen tonuaz, isiltasunaz mintzo zitzaigun. Gaixotasunez eta amodioez ere jardun zuen aske antzean.

  tere hendaia 2
  Jendarte goxoan

Jendartean goxoan Jendarte goxoan Ondorenean, jende multzo zabalagoaren aitzinean, zutik, hasieran amini bat lotua, baina erabat aske finitzean, bere testuen irakurketan aritu zen aise. Gorputza hartu zuen ahotan eta bere gain: emakume heldu baten gorputza, ama ere den andrearena. Zoriontasuna, edertasuna, erlijioa, ideologia… Transmisioa eta oroitzapenak. Bizitzaren une ederrak eta latzak, batzuk zein besteak elkarren ondoan baitatoz eta baitoaz….

Poesia –edo liburua orobat– definitu zuen. Hots, liburua sagarra antzirudi dezakegu une batez: azala zuritzen dugu eta mamia dugu edireten. Eta mamia irentsi ahala, berriz, haziak aurkitzen. Hots, lurren laborantzan hazia legez, hazia ere da liburuaren lehengaia.

Terek poesia idaztean erritmoa zaintzen du bereberki. Erritmoaren jardueran berealdikoa baitugu denboraren moldaketa. Luzetsi barik. Honatx, erritmoaz eta denboraz orain gehixeago dakien poetaren ele sorta:

Ez dugu sekula nahi adina denbora hartu
eta horregatik ohi da
beti, hain gurea, hartu dugun denbora.
 

P. S. : Tere Irastortza, Aitor Furundarena musikariarekin batera, Irungo Kabigorri Ateneoan izanen duzu otsailaren 8an, asteazkenean: 19:00etan.