Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

<<Sortzailearen bakardadea goraipatzea inpostura bat da>>

Etengabean idazten du zaldibiar honek. baina ez du bere lana argitaratzeko presarik. Pamielak laster plazaratuko dion Haurdunaldi beteko khantoriak liburuko olerki gehienak duela bost urte idatziak dira. esaterako.

  • Amagoia Iban Beasain
h2    
Tere Irastortza. / Edurre Koch    

Sormenari buruzko poema sorta bat duzu liburu berrikoa, hiru zatitan banatua . Zure lehen haurdunaldiarekin bat egiten dute denboran. Kasualitatea al da? Lehen haurra izateko nengoela idatzi nituen gehienak, bai. Egia esan, ordurako, sormenari buruzko teorizazio klasikoarekin nahiko nekatua nengoen eta haurdun nengoen bolada hartan asko pentsatu nuen horretaz. Horrek ez du esan nahi poema guztiak haurdunaldian eginak direnik. Sormen literarioaz gain, familia izan ala ez, izatekotan noiz izan eta antzeko kontuak ere ageri dira. Galdera horiek guztiak hausnarketarako gai izan nituen.

Gogoeta egin eta gero, zein ondoriotara heldu zinen? Ondorio batera heldu banaiz —eta niretzako oso inportantea da—, ondorioa da inor ez dela bakarrik jaio eta inor ez dela bakarrik bizi. Hau da, sortzailearen bakardade goraipatu hori ez dela existitzen, ezta bilatuta ere, zeren eta beti norberak bere buruarekin badu bestetasun bat. Momentu batzuetan pertsonak behar du bakardade bat, hausnarketarako eta beste, baina bakardadea ez da egoera naturala.

Sortzailearen bakardadea goraipatzea XVI-XVII. mendeetan jarri zen modan literaturan, garai bateko aristokraziak ez zuenean aberats berriekin nahastu nahi eta landara jo zutenean sosegu eta bakardade bila. Sortzailearen bakardadea goraipatzea inpostura bat da, eta horren barruan badago jainko sentitu nahi izana. Gure etxean esan ohi da: «Hau bakarra, jainkoa bezala». Jainkoa da bakarra den bakarra, gizakiak bakarra sortu duelako, noski.

Inoiz sentitu al zara bakarrik oraindik ere ia erabat gizonezkoena den euskal literaturan? Ez dakit. Egia esateko, ni ez naiz feminismoa literaturara eraman zuen hazaldikoa. Ez naiz literatura emakumezkoen defentsa egiteko erabili zutenen belaunaldikoa sentitzen. Baina aldi berean, gizonezko askok egindako literatura oso harroskoa iruditu zait, gizonkeriaz betea. Alde horretatik, idazten zituzten liburu, poema erotiko eta beste oso arrotzak egiten zitzaizkidan. Baina ez denak.

<<Nire ustez une
honetan
emakumeek
idazten dutena
ere azalean dabil>>

Gero, nire poesian gorputzaren aipamenak badiren arren, ez dut egin inolako erreibindikaziorik emakumeon gorputzaren inguruan. Hain zuzen ere, hori zen guri buruz zegoen irudi bakarra, eta ez zait gustatu izan kontra-irudiak egitea. Beharbada poesiak ematen du beste maila batean idazteko aukera.

    h2a
   

Herritarren hautua eta lana

Euskaldun zahar izan arren bere garaian euskararen aldeko hautua egin zuela dio Tere Irastorzak. Bera baino lehen beste askok egin zuela hautu hori. Ondoren egin dutenak ere badirela. «Izan ere, nik eta beste askok heziketa erdalduna jaso genuen. erabat, eta errazena erdaraz jarraitzea zen». Hautu horrek bere ustez nortasun ezaugarri eta jendearekin harremanetan sartzeko modu jakin batzuk barneratzea ekarri izan du orokorrean: «Ahozkotasunaren munduan murgildu gara, eta ideia ezberdinak izan arren euskararen aldekoa den jendearenganako errespetu eta hurbiltasun handiagoa lortu. Hilzorian zegoen tradizio bat berreskuratzeko eta bizitzari beste modu batera begiratzeko. Euskal Herrian arlo horretan egin den guztia ez da egin erakunde propioak edota estatu bat egon delako, borondatezko jendea zegoelako baizik; eta borondatezko jendea bildu egin delako eta proiektu batzuk asmatzen jakin duelako». Alde horretatik, egun dagoen administrazioaren borondate onaren aldarrikapena ez da zaldibiarraren ustez munduko gauzarik inportanteena. «Gobernuz Kanpoko Erakundeak oso modan daude orain, baina aspaldi asmatu genituen geuretzako. Elkartasun eta lan egiteko modu bat dugu, munduan nagusi diren irizpideetan barrena bizi izan bagina ezagutuko ez genuena. Beste modu batean biziko ginateke. Hori baloratzen dut, eta uste dut behar den indarra eman behar zaiola»

50 urte bete dira Simone de Beauvoir-ek Bigarren sexua idatzi zuenetik. Geure literaturari begiratuta, hark esandakoa gogoratu beharra dagoela uste duzu? Egia esateko, uste dut euskal literatura ez dela oso lagin ona horretaz hitz egiteko, orokorrean hartzen baldin bada. Literatura jarraipen batekin idatzi dugun emakumeak ez gara asko.

Uste dut euskal literaturan ere gero eta gehiago merkatu literatura bat egiten ari dela, bere alde onekin eta txarrekin. Komertzialki emakumeentzako momentu ona da hau; horrek ez du esan nahi idazten den neurrian pausoak aurrera emango direnik, Simone de Beauvoirrek edo Virginia Wolfek eman zituzten bezala. Egia esateko, zailtasun bat dagoenean esfortzua egiten duenak askoz esfortzu handiagoa eta kontzienteagoa egin behar du; eta zailtasunik ez dagoenean askoz errazagoa da azalean geratzea. Eta nik uste dut momentu honetan emakumeek idazten dutena ere. azalean dabilela. Murgil oso jende gutxik egiten duela.

Beste sormen mota bat ere gai izan duzu poematan, amatasuna. Zein zentzu ematen diozu sormen prozesu horri? Nik uste dut naturala familia izatea dela. Ni berandu iritsi nintzen konklusio horretara, 33 urte ingururekin. Hori da nire iritzia, naturala dela familia izatea. Gero, horren barruan kultura eta gauza asko daude. Nik ez dut uste familia horregatik izan dudanik.

Nik uste dut ama izatea gradu bat badela. Badira momentu batzuk, haur ondoan batik bat, eredu guztiak kolokan jartzen zaizkizunak. Ez zeneukan sen bat ateratzen zaizu. Niri behintzat.

Arantxa Iturberen Fli, ama! Liburuan , sen horrek kulturarekin duen lotura aipatzen da. Jakina amatasuna kulturala dela, baina kulturala dena da, baita emakumeak etxetik kanpo lan egitea ere. Literatura ere bai. Norberak bere hautapena egiten du. Nik umea ez dut izan gizarteak hala eskatu didalako. Gizarteak gauza asko eskatzen dizkit, baina hori ez. Niri gauzarik ederrena iruditzen zait umeak izan eta zaintzea. Aldarrikatzen dut. Gertatzen dena da gaur egun bizimodua antolatuta dagoen moduan oso zaila dela.

Aitatasuna ere gradu bat dela esango duzu,noski. Ez dakit oraindik izango ote den, baina izan behar luke. Uste dut gure belaunaldiko gizon eta mutil askok ahalegin bat egin duela. Hala ere, horrek ez du esan nahi emakumeok iritsi garen zubira iritsi direnik. Oro har, gizonezkoak oso deskolokatuta ikusten ditut. Badakite barrua husten, fisikoki normalean, baina ez horren ondo sentimenduak birziklatzen.

Emakume batzuen joera ere bada gizonezkoen eredua hartzekoa, eta nire ustez emakumezkoen eredua ez da gizona. Ezta gizonezkoena ere. Uste dut denen eredua asmatu gabe dagoen zerbait dela. Gizonezkoei nire ustez gizarteak ematen die aukera txikitako hainbat joera gordetzeko. Guri txikitan erakusten digute handitan zer egin behar den, baina beraiei ez. Eta oso kuriosoa da, baina lehen depresioak emakumezkoen artean gertatzen ziren nagusiki, eta orain gizonezkoen artean ere ugaltzen ari dira.

Sormen literarioa itzuliz, zure sormenak gorabeherarik izan al du azken urteotan? Nik idatzi, berdintsu idatzi izan dut beti, oso sarri. Ipuinak.saiakera, artikuluak... boladaka idatzi izan ditut, baina poesia beti idatzi izan dut bizitzaren erritmoan. Gero, ez daukat helburu bezala urtean liburu bat edo bi kaleratzea. Asko argitaratzea asko hitz egitea bezala da. Zailena da norbere burua errepikatu gabe beti hizketan aritzea. Dudarik gabe, pertsona bat ez da berdina 16 urterekin eta 30 urterekin, edo behintzat ez luke berdina izan behar. Horrek ez du esan nahi nirean errepikapenik ez dagoenik. Uste dut beti badirela gai edota leitmotiv batzuk. Baina gauza asko aldatu dira. Hizkuntza bera, esaterako. Idazten hasi nintzenean, jendeak normalean hizkuntza behartua zerabilelako inpresioa daukat. Orain hizkuntza hori malgotu da, beste erregistro modu batzuk sartu dira eta oso jende ona dago, ez dakit konturatzen garen. Hizkuntzak berak egiten ditu beraz aldaketa batzuk, eta hizkuntzak berak ere eramaten zaitu beste modu batean idaztera.

Duela urte batzuk idatziriko poemez hizketan aritu gara, baina ordutik hona idatziko zenuen zerbait. Ba al duzu liburu berriren baterako proiekturik? Bai. Beste lan batzuk baditut esku artean, baina bat nagusiki. Seguru asko Glosak izena eramango du. Nire poesiak asko idatzitakoak dira, zuzenketa asko jasotakoak, eta oraingoan zuzenketa poesiara ekarri nahi dut, ohar edo parentesi bidez. Barne elkarrizketa tankera bat da, idazlearen bakardadearen isla.

Tesi bat martxan zenuen duela hiru urte Zertan da egun? Beno, ikastola munduan sartu nintzen eta pixka bat atzenduta daukat. Gaia oso polita zen: emakumearen irudia euskal literaturan XVI. Eta XVII. mendeetan. Oso garai interesantea zen. Lan asko egina daukat, eta ez dut esaten aurrerantzean gaia hartuko ez dudanik.