SARRIUGARTE, Danele " Tere Irastortzarekin solasean"

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

Tere Irastortzari elkarrizketa ( www.uberan.org

Danele Sarriugarte

   
 Tere Irastortza ( Irudia: Zaldi ero)    

Mundua betetzen zenuten poema-liburua argitaratu du Ostirala, 2015-11-13 Poema-liburu berria argitaratu du Tere Irastortzak. Ibilbide oparoa egina du zaldibiarrak, batik bat poesian, hamargarren lana du hau, kaleratutakoen artetik. Jose Angel Irigarai Pamielako editorearen esanetan, mugarri bat ezarri du obra honekin, gizakion galdera handiei erantzuna bilatzeko estetika eta iruditegi propio berri bat. Ingurukoen galerak eta dolu-prozesuek badute tokirik liburuan; hala ere, tonua ez da inondik ere goibela, heriotzari buruz beste modu batera hitz egiteko eta pentsatzeko espazioa aldarrikatzen baitu Irastortzak. Horretaz guztiaz jardun dugu berarekin elkarrizketa honetan.

Has gaitezen izenburutik. Mundua betetzen zenuten, baina joan ondorenean ere, mundua ez da hutsik geratu, ala?

Batzuetan, poemak egin ahala erabakitzen duzu liburu bat egingo duzula. Orduan hasten zara izenburuak pentsatzen: batzuetan poema frustratuak dira, esaldi on bat badaukazu, adibidez, baina ez poema bat. Kasu honetan, hiru aukera neuzkan: "Eta erleei esan zionat", "Onar ezazu, autoan negar egiten duen emakumea zara", eta azkenean ipini diodana. "Onar ezazu..." asko-asko gustatzen zitzaidan, baina iruditzen zitzaidan, izenburu bezala inpaktanteagoa eta gogorragoa izan arren, ez zetorrela bat nik aukeratu ditudan poemen airearekin. Mundua betetzen zenuten izugarri gustatzen zait, eta aipatu diodan jendeak, ezer zehaztu gabe, berehala ulertu dute zertaz zihoan liburua. Iraganean jarri dut, nork berak ere bizitza onartu behar baitio bizitzari, eta poema-liburuak ere bukaera bat daukala onartu nahi nuen, zentzu batean.

   

"Pentsatzen nuen akaso poesiak ez zidala gehiago funtzionatuko bakarrizketa moduan, baina niretzat genero definitiboa da."

Jose Angel Irigarai editoraren arabera, zure azken liburu mugarri bat izan zen. Izenburua ere, Eta orain badakit, bada zertxobait behin betikoa, nolabait esatearren. Edonola ere, lau urteren bueltan beste liburu bat ekarri duzu. Nolakoa da prozesu hori?

Nik beti jarraitu izan dut poesia idazten, nahiz eta, noski, bolada batzuetan gehiago idatzi eta beste batzuetan gutxiago. Glosak idatzi ondoren, dagoeneko pentsatu nuen, formalki iritsia nintzela puntu batzuetara, distantzia ere neurtua nuela... Beste genero batzuk ere erabili ditut, eta gero Izendaezinaz idatzi nuen, saiakera. Horren ondoren, Eta orain badakit idatzi nuenean, konturatu nintzen baietz, poesiak ematen didala zerbait niri, pertsonalki. Liburu hura bukatuta, bai sentitu nuen akaso ez nuela poesia gehiago idatziko, hainbat liburu idatzi ostean, ez alderdi formala dela-eta, baizik eta ez nekielako ezer gehiago esango ote nuen. Azken bi poema-liburuak, gaiaren ikuspegitik, oso lotuta daude Izendaezinaz lanarekin, eta azken horri, saiakera izan arren, poesia txertatu nion. Pentsatzen nuen akaso poesiak ez zidala gehiago funtzionatuko bakarrizketa moduan, baina niretzat genero definitiboa da.

Zer ematen dizu, bada, poesiak?

   

Gure gizartean begiz irakurtzen da poesia, baina nik asko irakurtzen dut ozenki, nire kasa, eta hor gustura geratu arte ez dut bukatutzat ematen.

 Formalki poesia-mota askotatik pasa naiz, eta idazterakoan, jakin badakidan arren poesia nola manejatu, atera egiten zait, poesiak sormen bat pizten du nire baitan. Natural idazten dut poesia, normalean nahiko erraz ateratzen zait. Gero beste gauza bat da liburu bat ateratzea. Orduan bai, pausatzen naiz eta buelta asko ematen dizkiot. Idaztea, niretzat, bada pentsatzeko eta sortzeko desenkadenante bat, beste momentu batzuetan ez daukadana. Gure bizimodua hain aktiboa denez, beti gauzak egiten, poesia idazteak gelditzeko abagune bat ematen dit. Uste dut horretan datzala poesiaren abantaila, nire kasuan: aukera ematen dit egoteko, ez hainbeste proiektatzeko, zeren eta beste genero batzuetan, saiakeran edo nobelan, aldez aurretik asko proiektatu behar duzu testua, bizitzan bertan sarri egiten dugun bezala.

Noiz hasten dira poemak liburu bilakatzen?

Poema-liburu hau idazteko orduan oso momentu emankorra bizi izan nuen, milaka orri idatzi nituen koadernoan, eskuz, hiru edo lau urte horietan. Une batean nire buruari esan nion ez nuela poema gehiago idatziko, nire burua errepikatzen ari bainintzen, eta espiral batean sartzen. Orduan, beti bezala, poema batzuk hartu, ez denak, eta ordenagailura pasatu nituen. Hori eginda, poemak irakurtzen hasi nintzen, ez koadernotan sakabanatutako testuak balira bezala, baizik eta, konturatu gabe, liburu bat balitz bezala. Neure poemen irakurle bilakatzen naiz, eta orduan jotzen dut liburua osatzera, irakurri ahala.

Konturatzen zarenean dagoeneko esan dituzula egoera bati buruz esateko zenituenak, orduantxe hasten zara akotatzen eta bereizten.

Akotatzeaz ari garela, liburuak badu egitura berezi bat, gainontzeko poemak ez bezalakoak diren testu batzuekin...

    "Poesiak aukera ematen dit egoteko, ez hainbeste proiektatzeko, zeren eta beste genero batzuetan, saiakeran edo nobelan, aldez aurretik asko proiektatu behar duzu testua, bizitzan bertan sarri egiten dugun bezala."

Irakurle bilakatzean bide bat bilatzen diozu liburuari. Nik, aurreko liburuetan, asko begiratu dut hurrenkera, zer poema jarri non... Formalki, asko landu dut, liburu gehienetan. Honako honetan, berriz, hasieratik pentsatu nuen ibilbide natural bat behar zuela, hau da, gertuko norbaiten galera jasatetik jabetu arte hiltzekoa zarela eta beraz zure bizitza nori utzia izan nahiko zenukeela. Orduan, pentsatu nuen hasierako poemak hasieran ipintzea, eta bukaerakoak bukaeran. Hori bai, irakurtzen nuen eran jabetzen nintzen konstante batzuk zeudela, eta hori egokitzen joan nintzen. Prosa ere horregatixe sartu nuen, eta baita definizio gisara balio duten testu batzuk ere. Poemen hurrenkeran baino, hainbat poemari eman beharreko tonuan ipini dut arreta. Prosazko Bat, Bi, Hiru, Lau horiek, adibidez, bukaeran idatzi nituen denak, eta gutxi gorabehera kokatu nituen, ez dira zedarri bat.

Ideia nagusietako bat da badagoela hirugarren espazio bat bizitzan, lo eta esna egon bitarteko esparru hori, ametsarena, edo beste pertsona batzuen ahotsa jasotzen duen espazioa... Horietan zehar-estiloa erabili dut, beste idazketa-mota bat eman nien hainbat poemari.

Noiz jotzen duzu amaitutzat poema bat?

Batzuekin ez duzu erabat bukatzen. Gure gizartean begiz irakurtzen da poesia, baina nik asko irakurtzen dut ozenki, nire kasa, eta hor gustura geratu arte ez dut bukatutzat ematen.

Gatozen edukira. Arreta eman didan gauzetako bat da itsasoaren presentzia, oso gizakituta agertzen da, nolabait esatearren.

Batzuetan pentsatzen dut itsasoarena dela miopea naizelako, izan ere, denbora asko pasatu baita hainbat puntutatik begira nik itsasoa ikusi arte, zerua zelakoan bainengoen, goitik behera nindoala. Itsasoak beti erakarri nau, nahiz eta gehiago izan naizen mendian ibiltzekoa. Poema-liburu honetan izugarrizko indarra dauka, ordea. Sophia de Melloren poemek izan dute eraginik; gainera, Karmele Igartuaren Itsaso kontra bat liburuaren edizioa eta itzulpena egin nituen... Nire bizitzan inoiz baino gehiago ibili naiz itsasoaren aurrean.

Horrez gain, erakartzen nau itsasoaren mugaren indefinizioak, eta baita ere, nolabait esateko, itsasoak daukan indarra edukita ere, beti duela lurrean muga bat, lurraren ertz batetaraino bakarrik iristen dela, ezin duela lehorra alkantzatu. Iristen denetan ere, ezabatu egiten bere trazak.

   

"Beste idazleen lanek laguntzen dizute egoera ezberdinetan modu ezberdinetan jaso izan diren emozioak ulertzen, eta zuri ere ematen dizute bide bat."

Gorputza ere sarri agertzen da, behatz puntetan, adibidez.

Alde batetik, behatz puntetako argudioak eta hirugarren espazioa gauza bera dira. Nire ustez, galera sentitzen duzunean gorputzak daukan memoria ere areagotu egiten da. Bitoriano Gandiagak badauka poema bat, eta une batean esaten du: "Ni antzinakoa naiz". Nire iritziz, gure gorputzak gordetzen du ez bakarrik guk bizi izandakoa, baizik eta besteen memoria bat ere, antzinagokoa. Zure momenturik indartsuenean, pozean zein minean, zure gorputza piztuago dago, orduan amodioan bezala galeran ere, zure gorputz guztiarekin sentitzen duzu. Emozioak fisikoak ere badira, ez daude soilik hitzetan.

Maila horretan, gorputzak berak aurkitzen dizkizu argudioak, sena esango geniokeena. Sena gorputzean dator. Gure heziketan, gure garaian behintzat, ikastea askoz gauza intelektualagoa zen: edukiak, kontzeptuak... Ahaztu egiten genituen beste alor batzuk; gaur egun uste dut apur bat aldatzen ari dela. Sena berreskuratu orduko jabetzen zara ez dela aski ulermen intelektuala.

Ekaingo kobazuloak agertzen dira azalean, antzinakotasun horrekin lotuta, akaso?

Niretzat zirraragarria izan zen Ekaingo harpea. Han izana banintz bezala sentitu nintzen, ez zentzu mistikoan, baina aise ikusten nuen nire burua han. Asko gustatzen zait John Cage-ren pasadizo bat, aurreko liburuan erabili nuena. Isiltasun kutxa bat eraiki zuen, eta barrura sartu zen, jakiteko ea zer aditzen zen han. Bere bihotza entzun omen zuen. Horixe da, beharbada, gizaki primitiboen egoera hartzuloetan, non sentitzen duzun zure hatsa eta zure dena, amaren sabelean bezala: badago espazio edo une berezi bat. Izugarri inpresionatu ninduen horrek.

Bestetik, mundua betetzen zenuten esatea, ez da hainbeste guk galdu duguna aipatzea baizik eta besteek utzi digutenari bere tokia onartzea. Askotan, gaur egungo komunikabideetan, norbait hiltzean, bizirik geratu denari diogu errukia. Nik, berriz, beti pentsatu izan dut nolako altxorra utzi didan nirekin bizi izan den jendeak,eta sinistuta nago altxortegi baten jabe egin nautela. Harpeetako irudiekin ere kontua berbera da, zerbait uzten digute gerokoagoei, arrasto bat.

Pottokak agertzea ere izugarri gustatu zitzaidan. Horren haritik, erremin bat daukat. Badirudi, ehiztariak gizonak izan direla beti, baina ez du zertan horrela izan: mitologian badaude emakume ehiztariak, Marik pasatzen ditu haizeak eta dena, zergatik ez da izango hegazti bat, arrano bat bezalakoa, adibidez? Bada berdin, horrelako liburuak irakurtzen nituenean, zaldiakaipatzen dituzte. Behorrak ere ibiltzen dira ba taldean. Orduan, pottoka hitza baliagarriagoa iruditzen zitzaidan, taldean bizi direlako, eta emozioak ere taldekoak dituztelako.

Hain zuzen, animaliak ere etengabe agertzen dira liburuan.

    "Liburuko beste konstante garrantzitsu bat: oso eta osaturen arteko lotura. Gizakia ez da osoa, osatu beharrean gaude beti. Zentzu horretan, osatzea ez da sendatzea, osatzea da behar duzun horri atxikitzea, nolabait esateko."

Badago animaliatasun bat gure barnean gordeta, ugaztunak gara. Horren perzeptzioa galtzen ari da geure gizartea. Aurreikusia dago 20 urte barru, biztanleriaren %80 hirietan biziko dela. Izugarria iruditzen zait, non geratuko ote diren gure pertzepzioak, non geratuko den haizea hiri batean... Pentsatzen dut naturaren indar hori aldarrikatu beharra dagoela. Horren lekukotasuna eman nahi dut, baina nire poesia ez da, horregatik, landa-poesia edo. Are gehiago, esango nuke gehiago abiatzen dela eguneroko egoeretatik.

Izan ere, pertsona baten heriotzaren ostean aurre egin beharreko egoera arruntak ere azaltzen dituzte poemek: autoan joatea lanera, pasta prestatzea pertsona norberarentzat bakarrik...

Poesia asko irakurtzen ez duen jendeak uste izaten du poesia beti dela hitz estrainioz eta metafora surrealistaz betetako gauza bat. Ni neu, esango nuke hasieratik bertatik, hurbileko egoeretatik abiatu izan naiz. Iruditzen zait maila horretan poesia eta antzerkia oso gertu daudela, izan ere, egoera batzuek dena esaten dutenak. Maila horretan, nire poesiak, askotan, egoera batzuk kontatu edo azaltzen ditu. Natura agertu arren, agertzen dira sukaldea, italianoa, kikara... etxe barruak eta kanpoak.

Zuk zeuk esanda, liburua irakurtzen/editatzen hastean, konstante batzuk igarri zenituen.

Liburu honek badu loturarik aurreko biekin, adibidez, argudioaren erabileran. Iruditzen zait mina, pena eta negarra, barrea bera bezala, argudiaketa naturala direla, ikasi ere ikasten diren arren. Bill Brysonen Ia denaren historia labur bat [Ixiar Izak itzulia]liburuak lagundu zidan argudioak aurkitzen, adibidez. Jakintzak lagundu dezake oreka bat bilatzen, gizakiak behar baitu arrazoiketa, munduan egoteko. Arrazoiketa hori, heriotzaren inguruan, kristautasunaren barruan, teologia izan da asko, baina hori ez da transzendentzia bat onartzeko bide bakarra. Kontua da transzendentzia hitza akaso higatua dagoela, baina senak ematen du bizipen hori, neure iritzian, eta gorputzak berak ere ematen du.

Aurrekoaren harira, beste konstante bat izan daiteke oso eta osaturen arteko lotura. Gizakia ez da osoa, osatu beharrean gaude beti. Zentzu horretan, osatzea ez da sendatzea, osatzea da behar duzun horri atxikitzea, nolabait esateko. Heriotza ez-izate bezala ere ikus daiteke. Baina ez-izatea, izaten hasteko aukera bakarra ere bada, zeren eta zaren bitartean, zure izateko aukerak mugatu egiten baitituzu, aukera batek beste bat ekartzen duenez, beste ehun bazter utziz. Maila horretan ere, arrazionalizazio-prozesu bat dago non ez-izatea baita berriro izateko bide bat. Jaio ginen, ez dakigu aurretik zer egon zen, hiltzen gara eta ez dakigu gero zer dagoen, baina badakigu beste batzuen bizitzan jarraitu dezakegula.

Esaten dute Marik ezaren balioarekin eraikitzen zuela bere filosofia. Behin, mendian zihoala, egarri zen eta sagardoa eskatu zion baserritar bati. Hark uko egin zion. Orduan, Marik esan zion: "ez baldin badaukak, ez duk izango!" Eta sagardo guztia desagertu zitzaion baserritar hari. Esan genezake, horren harira, gure gizartean izpiritu kritikoa oso ukatzaile bihurtu dela, ukatzaile eta ezkorra garena eta daukaguna ukatzera emanegia. Tira, ez baldin badaukagu ez daukagu, igual puntu horretan jarri behar dugu, baina sormenak ekintzailea behar du, biderkatzailea, inolaz ere baiezkora emana.

    "Irudikatu ahal izan dut, liburu amaierarako, heriotza pertsonala ere irudikatzerako bidea; ez modu morboso batean, baizik eta pentsatuz zerbait irabazi dudala bizitza honetan bizi izan naizenekin bizi izanda, zerbait eman didatela, eta orain niri dagokidala hori beste batzuei pasatzea."

Hainbat idazle aipatzen dituzu liburuan.

Bai, agertzen dira Woolf, Szimborska, Rilke... Ez dira horiek bakarrik, poeta askok harrapatu naute nire bizitzan. Lehen esan dudan bezala, idaztea bera bada egoteko espazio bat aurkitzea, eta isiltasun bat bilatzeko. Isiltasuna ere inportantea iruditzen zait, idazteko orduan. Beste poetek eta beste idazle batzuk erakutsi didate zer diren garaian garaiko emozioak eta, gero, emozio horiek nola bizi izan diren garai bakoitzean.

Denborarekin, beste modu batera ulertzen dituzu hainbat gauza, garai batean amorratu ere amorratu zintuzten gauzak. Lizardiren kasua aipatuko dizut. Lizardik poema bat idatzi zion hildako semeari. 20-21 urte nituela irakurri nuen lehenengo aldiz, eta pentsatu nuen: semea hilda, erraietan egongo zen bada beste zerbait, otzantasun horren ondoan... Orain, berriz, nik liburu hau idatzi dudanean, ulertu dut zer egiten zuen Lizardik, zergatik hartzen zuen distantzia hori, edo zergatik Mallarmék ez zuen argitaratu bere minik handiena, bere hildako semeari buruzko lana.

Beste idazleen lanek laguntzen dizute egoera ezberdinetan modu ezberdinetan jaso izan diren emozioak ulertzen, eta zuri ere ematen dizute bide bat. Literaturak hori egiten laguntzen du, beharbada, gizartean, oro har, gure berdin-berdinak direnak izaten ditugulako alboan, eta kontrasteaz jabetzeko tarte gutxiago dagoelako, emozio eta sentipenei arreta emateko. Literaturan kontrasteak nabarmenkiago antzeman daitezke.

Azken batean, osatze-ibilbide bat da liburua. Hori irudikatu nahi zenuen?

Bai, eta irudikatu nahi izan dut, baita ere, sosegua. Ni sosegatu egiten naute irakurtzeak eta idazteak. Pentsatzen dut gure gizartean ez dagoela espazio asko sosegu hori bilatzeko. Hiru hilabete pasata, segituan jotzen dugu psikologora, hartu pilulak, hartu ez dakit zer... ematen du batzuetan ez diegula beren denbora utzi nahi emozioei. Nik uste dut gauzei bere denbora emanez gero denborak berak laguntzen duela osatzen, bigarren zentzu horretan, falta zaizun hori berreskuratzen, oreka-puntua aurkitzen. Ezinezkoa beti da ezinezkoa, noski.

Hala ere, bai irudikatu ahal izan dut, liburu amaierarako, heriotza pertsonala ere irudikatzerako bidea; ez modu morboso batean, baizik eta pentsatuz zerbait irabazi dudala bizitza honetan bizi izan naizenekin bizi izanda, zerbait eman didatela, eta orain niri dagokidala hori beste batzuei pasatzea.

Aurkezpean aipatu zenuenez, zuk ere zalantzak izan zenituen liburua argitaratu ala ez. Zer dela-eta eman zenuen pausoa?

Liburua ordenagailura pasata neukanean, laburtzen zihoan, eta pentsatzen nuen agian ez nuela argitaratuko; aitzitik, gertukoei utziko niela, opari. Baina beste batzuen lana irakurtzeak niri mesede egin didan modu berean, nireak ere beste batzuei lagundu ahal izango zielakoan, kaleratzea pentsatu nuen. Iruditzen zait badagoela behar bat heriotzaz hitz egiteko, heriotza hartuta bizitzaren parte bezala, eta beste modu batera hitz egitekoa ere. Izan ere, egoera hauei buruz gure hitzekin eta gure ikuspuntuekin eta gure mentalitateekin hitz egiteko modu bat da.

Zer proiektu dituzu, etorkizunera begira?  

Liburu hau bukatuta neukala uste nuen, baina argitaratu den eran berriro sartu zait barruan. Une honetan itzultzen ari naiz, ez ezertarako bereziki, baizik eta nire kasa, adibidez, elkarrizketa hau prestatzeko. Beti jarraitzen dut idazten, eta proiektuak dauzkat. Adibidez, artikulu asko idatzi ditut, hizkuntzari erreparatuz, hori ere konstante bat baita nire lanean. Dena dela, argitaratzeari ez diot horrelako presarik ikusten.