Elkarrizketa Goierriko Hitza (Eskeine Legorburu)

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

g_hitza_tere    
TERE IRASTORTZA
 
IDAZLEA

“Eta orain badakit” poema liburua bihar aurkeztuko du Igartzan, Aitor Furundarena eta Iñaki Telleria musikariak lagun dituela.

  << Parafernalia gehiegi jartzen da gizartean hainbat gai lantzerakoan>>

 

 

 

Liburuko poemak idatzita «sen handiagoa» duela esan du Tere Irastortzak (Zaldibia, 1961), gauza batzuk «hobeto» ulertzen dituela. Izan ere, Eta orain badakit poema liburuan zerbait kontatzeko zuen behar hori ase du, ohiko gaiak landuz baina «tonuari garrantzia emanez». Igartza jauregian egingo duten errezitaldian liburuko hainbat poema irakurriko ditu bihar (20:00) Irastortzak.

Zer dakizu orain? Zerbait berria jakitea lortu duzu liburuko poemak idatzita?

Nik uste dut neurri handi batean liburuak idazten ditugula, nik behintzat bai, zerbait gehiago ikasteko, zerbait berria sortzeko. Neurri batean pentsatzen dugu bizimoduan ikasi duguna dela ona, eta geurez edo senez dakiguna, ahaztu beharrekoa d~la, edo aurreiritziak direla ... Guri hala esaten ziguten beste batzuk baina ez da hala izango ... Esango nuke, orain daukadana dela sen handiagoa, nerez edo geurez dakigunaz jabetzeko. Aldi berean, ez dakizkit gauza gehiago, agian gauza batzuk hobeto ulertzen ditut orain. Gehiago jakin baino hobeto dakizkit orain gauzak.

Nolako poemak idatzi dituzu?

Poema liburu batean gaiak betiereko xamarrak izan daitezkela esango nuke. Beharbada, hainbat gaietan, horretaz hitz egiteko tonua da berritu dudana. Hau da, sentitu dut edozein gaietaz hitz egin behar dugula, edo hitz egin dezakegula, baina beharbada gizartean hainbat gai tratatzerakoan tragedia edo parafernalia gehiegi jartzen da. Gehiegi antzezten dela gaiekin. Poesiak permititzen du, nolabait esateko, elkarrizketa pertsonalagoa bat, eta horregatik, agian, tonua da gaiak baino garrantzitsuagoa. Edozein gaietaz hitz egin dezakegu, baina azkenean ez dira gaiak, sentimenduak dira, askotan bizipenak, zoriona, bizigabea ... Gai horien berri eman behar diegu gure irakurleei, baina ez beraien gain ezer botaz, bestearen sentipenak ere kontuan hartuz baizik.

Zoriontasunari eman diozu garrantzia gehein.

Lagun batek esan zidan:"Hori ausardia, zoriontazunaz idatzi duzula"  Baina ez dakit hori ausardia den. Oraingo gizartean, hainbat sentimenduen azalpena sentimentalkeria bilakatzen da, eta nik sentimenduaz hitz egin dut, baina ez dut sentimentalki idatzi, diferentzia bat jartzekoagatik. Beraz, bai, esan daiteke liburu honen muinean daogen gaietako bat zoriona dela. Pasarteren batean esaten dut, behin pertsonak zoriona ezagutuz gero, zoritxarrean ere ez dela zorigabe. Ba dela irabazpide bat, zorionaren sentsazio hori osotasun bat da, pertsonak askotan eta poesia askotan bakardadeaz hizketan ari dira, baina momentu batzuetan pertsonek osotasun baten sentsazioa sentitzen dugunean, nik uste dut gero beste baldintza guztiak aldatzen direnean ere, zorion hari atxikita bizitzari buruzko beste ikuspegi bat duzula. Ez dut zoriona definitzen, baina sentsazio hori badut.

Poemak libururako idatzi dituzu, edo idatzita zenituen eta liburuan bildu dituzu?

Nik beti idazten dut poesia, eta gero, ahalako batean, poema guztiak biltzea pentsatzen dut. Liburu honetan ere badira orain dela zortzi edo hamar urte idatzitako poemak, baina liburua sei-zazpi hilabetean osatu dut. Tarte horretan poema bilduma hartatik liburura pasatzeko ere poema berriak sortu ditut, liburuari batasun bat emateko. Liburuko poema asko libururako idatzita daude espreski. Poema bakoitzak, gainera, egoera jakin bati erantzuten dio, baina poema liburuak beste egiteko bat du nere iritzian: Edertasuna sortzea. Edertasuna ulertzeko hari ikustezin bat behar da, perla ederrekin koilara bat osatzeko bezala.

Zein da liburu honetako haria?

Gauzen hasierak eta mugak non dauden hausnartzen dut, baina hori guztiaren barruan dagoen beste hari bat edo hausnarbide garrantzitsu bat irakurlea bera da. Helburua da irakurleak esatea: ni liburu honetan nago. Ez idazlea, baizik eta irakurlea. Itanoa eta zuka asko erabiltzen ditut, iruditzen zaidalako idazten dugunean ez dela norberaren irudi bat ematea helburua, baizik esatea: nik uste dut zuk hau ulertuko duzula zu ere ni bezala, hemendik eta hemendik pasatuta zaudelako. Liburuaren hasieran ez dago poetari gertatu zaiona, poetak bilatu nahi duena irakurlea da, biek batera bizi izan duten horren berri emateko.

Eskeine Legorburu

_____________________________________________

EHIZA-GAI

Beldurra uxatzeagatik akrostiko bat idatzi ostean lotaratu nauk
hire ondora,berriz. Ametsetan haiz,
ta ni sarean harrapatutako tximileta nauk hire ametsean,
 
begira-begira hagokit,
argia irisatu egiten dela diok nire hegaletan
ta argia nire hegaletan bakarrik ikusten dela
geldi nagoenean

ta heu lo egiten ez dakien suge-gorria haiz nire habian gordea.

Beldurtzen nauk hire ametsekin
ta nahiago diat ez lo hartzea
hire ondoan, batez ere, irria ageri bazaik;
ta orobat, ernai bizi-izatea
iheserako bada ere;
ta horregatik dizkiat beti giltzak ohe-ondoan
ta autoa gasolinaz ondo beterik atarian
zuzenean irteteko presto,
ta jantzirik eramango dudanaz gain
oinetakoak, eta beroki eta euritakoak eta txartelak
autoan,
bada ez bada,
 
besteon ametsak hiltzaile baitira hainbat gauetan,
eta batez ere,
ehizarako hedeak hedatuak direnetan egunsentietan,
 
Ta ez diat uste hiltzeak beldurtuko nauenik,
nire ordu horretan,
bai ordea inork ni akabatzeak basapiztia naizelakoan
edo argiak jada nire hegalak erre dituelakoan