• Tere Irastortzaren liburuak
    Son nueve, los pájaros
  • Izen gabe, direnak. Haurdunaldia beteko khantoriak
  • Tere Irastortzaren liburuak
  • Tere Irastortzaren liburuak
  • Tere Irastortzaren liburuak
  • Tere Irastortzaren liburuak
  • Multimendia: Irudiak, Entzuketak, bideoak...
    Gehiago irakurri...
  • Llenabais el mundo. Mundua betetzen zenuten. Edición bilingüe

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

IRASTORTZA GARMENDIA,Tere " Esaten ez denaz" ARGIA  2001-5-6, 1806 Zenb.Telefonoz hitz egin nahi ninan hirekin. Baina ez hengonan. Ez zekinat. Agian, udaberri gaueko hegoi epela hartu dun txakurrarekin paseatzeko; agian hire adiskideetara hurbildu haiz oporraldiotarako planen bat egitera...

argia    

Telefonoz hitz egin nahi ninan hirekin. Baina ez hengonan. Ez zekinat. Agian, udaberri gaueko hegoi epela hartu dun txakurrarekin paseatzeko; agian hire adiskideetara hurbildu haiz oporraldiotarako planen bat egitera... Hitz egin nahi ninan hirekin, azkenekoz, eta ezin izan dinat. Bestalde, ARGIAkoentzat artikulu bat idatzi behar ninan. Egia dun, atzoko behar ninan, eta, ohi denez, azken orriko argiazale guztietan pentsatu behar ninan... Beraz, ezagutzen ez ditudan milaka irakurle zetinat zain, eta ezagutzen nauten adiskideen artean hautatutakoaz ezin mintzatu naun.

Badakin. Horrelakoetan ez dun zail izaten. Kultura letra handiz idazten dutenen artean, oso arrunta dun: norbere existentzia parentesi artean jarri eta komunikabideetan hedatutako pasadizo eta gertaeraren baten inguruan hasi, behin eta birritan errepikatuko diren ondorioak hausnartzen: dela Txinan sartu berri den hegazkin amerikarraren inguruan, dela Britainia Handitik datozen gaitz kutsakorren inguruan...

Bitartean, behingo hartan gogoan izan geninana: esaten ez dena bakarrik dun esan behar zena. Bazekinagu ederki asko. Hainbestetan egoten gaitun elkarrekin, mintzatzen gaitun eta hain gutxitan aletzen zetinagu hitzak! Hitzetan datorren haziaz barik, oskolaz bakarrik zihardunagu. Egun oso bateko, bolada luzeetako bizikizunak oro, alboratu behar eta besteak entzun nahi duenaz bakarrik mintzatu behar hainbestetan. Hara nola, ni neu, hain sarri, ARGIAko zutabe hori amaitu ezinda ibiltzen naizen; irakurleari zerekin eutsi eta nola egin galtzada pentsatuz.

Norberaz hitz egiteko, finean, maskara bat behar baitinagu, gehientsuenetan. Dela albokoari kontatu diogun ipuina, dela mito baten bidez, dela adiskide bati gertatutako pasadizoan disimulatzen ditugu gure sentimenduak...

Zeren eta, ez gaitezen engaina. Mendebaldeko kulturan sentimenduez bikotearekin, mozkorkerian edo psikoanalistarekin bakarrik mintza gintezkeen. Astekarietako zutabeak, egunkarietako iritzi-artikuluek... solidaritate eta elkartasunerako edo denuntzia-errenuntziarako baizik ez dinate ematen. Gainerantzeko sentimenduak (ezintasuna, amodioa, gorrotoa, errespetoa, nekrologia bat ez den miresmena...) ahuldutako gizakien adierazgarri ditun. Antza denez, ez ditun maila berean sentitzen diren bi adiskideren arteko hizpide: dakien eta ez dakien arteko hizpide, maisu eta ikasle, aita-ama eta seme-alaba, psikoanalista eta gaiso artekoak baizik.

Atera itzan kontuak, aurreko astean hirekin komentatu ninan Laura Mintegik "Sisifo maite minez" nobelan ere, amodioaz eta pasioaz aritzeko idazmolderik hotzena erabili din. Hitzez eta isiltasunez bakarrik harilkatutako heziketa sentimentalaz zihardun. Amodio eta pasioa gai duen nobelan ez dun amodioari buruzko tesi batean baino lurrin, hats eta deskribapen gehiago agertzen. Utziko dinat liburua, nahi badun.

Esan ninan, pasa den astean, deigarri egin zaidan, azkenean, pertsonalitateari buruzko deskribapena egiteko mito bat erabili duelako. Sisifo-rena. Oso ondo hautatutako mitoa, egia esan: loturik bizitzera kondenatzen duten gizon askearen mitoa, gure historiaren ispilu baitun: Sortu ordez egokitu. Izan ordez, egonkortu. Horrela, sortzeko izan eta izateko sortzea aldarrikatzen duenari ezartzen zaio katerik motzena: arauari, aginduari konszienteki lotu beharra, ahazmenik gabeko egokitzapena.

Sisifo posmodernoetarikoak gaitun, hitzari ekintza uztartu nahi diogunak, eta zenbaitetan hitzekin gora egin arren, beroien ekintzekin behin eta berriro amildegira pikatuak sentitzen garenok. Eta, beno, honezkero, gutun hau irakurrita badakin zein puntutara iritsi nahi ninan. Hitzez landa, ekintzarako, zein elkarketa motaz baliatu? Nola lan egin zerbaiten alde, zerbaiten alde ari diren taldeetan txertatu ezkero zerbaiten eta batzuetan elkarren kontra ari garela sentitu gabe? Zeren eta mendebaldeko demokrazia egituratzeko elkarte orotan, kasik guztiaz hitz egiteko aukera bazegon, baina sortzezko izakerari eusteko ekinbiderako gune eta gotorleku gutxi.

Eta orain, azkenean ARGIAko zutabe hau amaitu dudan ezkero, hartuko dinat berriro telefonoa, eta saiatuko naun hirekin galdera horren erantzuna bilatzen. Eta argiazaleok, gaizki esanak barkatuko, eta esan gabeak irakurriko zetinate, gaurko honetan ez bada, udaberriko hurrengo gau epel batean.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago