search
Tere Irastortzaren liburuak
Izen gabe,direnak Haurdunaldi beteko khantoriak
Tere Irastortzaren liburuak
Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua
Tere Irastortzaren liburuak
Gabeziak khantoreak / Izen gabe direnak/ Glosak Esana zetorrenaz
Tere Irastortzaren liburuak
Derrotaren fabulak / Hostoak
Tere Irastortzaren liburuak
Izendaezinaz / Gabeziak
Tere Irastortzaren liburuak
Eta orain badakit / Siete poetas vascos/ Osinderdeko kantoriak
Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961) euskal idazlea da. Euskal Idazleen Elkartearen presidente izendatu zuten 2001ean, eta kargu hartan aritu zen 2006 arte. Euskal Pen Klubaren sortzaileetarikoa. Beasaingo Andramendi Ikastolako zuzendaria. Bergarako Idazle Eskolako sortzailea, irakaslea eta zuzendaria, sortzetik (2003).

Bost euskal emakume olerkari

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

‘Hitzak hots’ izeneko emanaldia eskainiko du Antton Valverdek bere pianoarekin, eta Arantxa Urretabizkaia olerki horiei buruz mintzatuko da

 

Diario Vasco: Félix Ibargutxi | donostia

hitzak hots    

‘Hitzak hots’ izeneko emanaldia eskainiko du Antton Valverdek bere pianoarekin, eta Arantxa Urretabizkaia olerki horiei buruz mintzatuko da

‘Hitzak hots’ ikuskizunak hiru osagai ditu: bost emakume idazleren olerkiak; Antton Valverdek olerki horiei erantsitako doinuak eta Arantxa Urretabizkaiak poesiari buruz egindako testu baten irakurketa. Ikuskizuna martxoan estreinatu zen Bilbon, eta orain Donostiara dator. Antzoki Zaharrean izango da emanaldia, igande honetan, hilak 28, 19:00etan. Anjel Lertxundik jarri zuen hazia. «Behin, hizketan ari ginela, kezka bat atera zen solasaldira: azken 50 urteotan zenbat emakumeren olerkiak izan dira musikatuak? Oso gutxi. Gehienetan, gure euskal abeslariek gizonezkoen testuak hartu izan dituzte. Gure asmoa izan da erreibindikazio total bat egitea, modu berean tratatu daitezen gizonezko eta emakumezko poetak», adierazi zuen Zarauzko idazleak atzoko aurkezpenean.

Seguru asko, Itxaro Borda eta Maialen Lujanbio izango dira gehien musikatutako idazleak.

Beraz, Lertxundi hasi zen emakume olerkarien testuak arakatzen, batzuk aukeratu zituen eta Valverderi pasatu, honek bere pianoarekin lan egin zezan. Ez da lehen aldia Lertxundi eta Valverde elkarlanean aritzen direna, eta ez da ahaztu behar Valverdek Lauaxeta eta Lizardi musikatzen egindako lan handia.

Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza eta Miren Agur Meaberen zortzi poema musikatu ditu Valverdek, eta horiexek entzungo dira Donostian igandean.

«Euskal konpas ezagunean bezala, zortziko bat osatzen du kontzertuak. Eta aukeratu dugun olerkietako bat ere, Itxaro Bordaren ‘Oragarre Run’, zortziko bat da», adierazi zuen Lertxundik.

Antton Valverdek, berriz, esan zuen «oso gustura» jardun duela lanean, eta «denbora dexente» eman behar izan duela. Arantxa Urretabizkaiarekin ‘ezkontzea’, adibidez, ez zen erraza gertatu. Lehenbizi aukeratutako olerkiarekin lanak izan zituen Valverdek, «nahiko irregularra» iruditzen baitzitzaion, gero beste aproba bat egin zuten Valverdek doinu bat bidali eta Urretabizkaiak harentzako moduko olerkiren bat aukeratu zezan. Azkenik, Etxepare Institutuko argitalpen batean publikatutako ‘Palmondoak’ izan da musikatutako testua.

Martxoan, Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zenean ‘Hitzak hots’, Miren Agur Meabe arduratu zen poesiari buruzko testua prestatu eta irakurtzeaz. Donostian Arantxa Urretabizkaiak egingo du lan hori. Ikuskizuneko testuek eragindako inpresioei buruz ariko da.

«Irudi baten kolpea»

Aspaldi honetan oso poesia gutxi idatzi du Urretabizkaiak. «Poesia idazteko, irudi baten kolpea behar duzu», esan du. Harrigarria egiten zaio emakume olerkari musikatuen urritasuna: «Nola demontre gertatu da hau? Nik, hurrengo erreenkarnazioan, abeslari izan nahi nuke. Amaia Zubiriak olerki batzuk eskatu zizkidan orain dela hamabost bat urte, bera Ulian bizi zela, gogoratzen naiz nola joan nintzen bere etxera. Esan zidan testu argitsuak zirela, eta bera tenore ilunago batean zegoela». Gero Xabier Leterekin ere saiatu zen, baina ez zen ezer gauzatu.

‘Hitzak hots’ honen asmatzaileak, Anjel Lertxundik, gaztelaniazko olerki dexente idatzi zituen oso gazte zelarik. Hantxe bukatu zen bere olerki-bidea. «Ez dut ahots poetikorik lortu. Arrotz sentitzen dut neure burua, inpostura iruditzen zait», esan zuen atzokoan.

Orain eskaeren zain daude artistok, ikuskizuna beste toki batzuetara emateko. Agente, Joxe Anjel Arbelaitz daukate.

Félix Ibargutxi | donostia